XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Heure leizera, haurra? Nongo leizera? - galdegin zion, denen buruzagi egiten zuen neskak.

Hau duk aurrerantzean heure leizea.

Gurekin biziko haiz.

- Nor zarete zuek? - mutikoak larriturik.

- Ene ba, nor garen dio.

Ez al gaituk ezagutzen, Harkaitz?.

- Nik ez - erantzun zien, izuaren izuz zurbildurik.

Eta zuek nola dakizue nere izena...?.

- O! Guk dena zekiagu: hire izena, hire aitamena....

- Hortaz, jakinen duzue nire leizea non dagoen....

- Ba... ez, hori ez zekiagu.

Baina zertarako nahi duk jakin.

Gurekin ederki biziko haiz.

- Ez! - jazarri zitzaien Harkaitz, zutituz.

Nik ez dut zuekin bizi nahi.

Neure leizera joan nahi dut!.

Hartu zuen, orduan, buruzagiak mutikoa zakarki eta egunargitara atera zuen.

Ortzia, goibel, artile zuri-hil batez estalia zegoen; haize hotz zorrotza zebilen eta elurrak estaltzen zituen mendi, muino, haran eta oihanak.

Orduantxe etsi zuen Harkaitzek eta ulertu ez zitekeela inora ere abia, baldin eta neska haiek eraman ez bazezaten.

Pozkarioz ziren neska guztiak mutikoa leizera itzultzen ikustean.

Agian ez zen hain gaizki biziko neska haiekin.

Goseak, bederen, ez zen hilko, neskek denetarik ekartzen bait zioten.

Bizpahiru egunen buruan, ordea, neska haiekin bizitzen ohitzen ari zelarik ere, gauza batek axolatzen zuen Harkaitz: goizero, egunsentiko lehen argixintak urratzearekin batera neska haiek ibai ertzera jaitsi ohi ziren eta, xaplaka, oinak belaunetaraino bustitzen zituzten.